XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lehen aro honetan Oitzek ekoizten dituen 8 NZ-esaldi hauek honako osagai-hurrenkera erakusten digute:

(121) Iz- NZ

NZ-esaldi hauek osagai bi dituzte: deiktikotzat edo subjektutzat (nik nahiago dut horrela ez deitzea) har daitekeen izena NZ-esaldiaren hasieran eta NZ-hitza honen ondoren, esaldiaren amaieran.

Ez da halakoetan inolako aditzik agertzen.

NZ-esaldi hauek esaldiaren hasieran erakusten duten osagaia deiktiko formaduna eta mintzagaiaren funtzioa betetzen duenetakoa dela uste dut, eta horregatik halakoak gauzatzerakoan haur hau mintzagai-galdegai hatsarre semantiko-pragmatikoez baliatu delakoan nago.

Ez dut inolako gramatika-ezaugarririk edo sintaxi-egiturarik ekoizpen hauetan ikusten.

Kontutan izan behar dugu helduen mintzairan halako hurrenkerako NZ-galderak burutzea onartzen dela, baina haur honengan % 100 osatzen dutela halakoek aro honetan, eta maiztasun hau, hain zuzen ere ez dela helduengan gertatzen dena.

4.1.13. Laburbilketa

Lehen aroko ekoizpena ikusirik, gramatika-ezaugarririk gabeko aroa dela baiezta dezaket.

Haurrek, aro honetan, gramatika-ezaugarririk ez erabiltzeaz gain, sintaxi-araurik ere ez baitarabilte esaldiak eraikitzean.

Hitzordenaren arloan, eta batez ere aditzaren egongunea erabakitzeko orduan, badirudi haurrek joera ezberdinak erakusten dituztela esaldi deklaratzaile eta aginduetan: esaldi deklaratzaileetan aditza esaldiaren amaieran jartzeko joera argia dakusat Oitzen eta Peruren ekoizpenetan.

Eta ez da hain argia, aitzitik, Mikelen ekoizpenean, adibide bat baino ez baitu ekoitzi.

Agindu-esaldietan, aditza amaieran zein hasieran jartzeko joera, Oitzengan baino ezin izan dut ikusi, beste haur biek ez baitarabilte halako esaldi-motarik.

Hau guztiau, aditza esaldi deklaratzaileen barruan ekoiztean haur bakoitzak joera bereziari eustearen fenomenoa hain zuzen, Parodi-k (1989) ere adierazten du haur frantses-alemaniar elebidunen hizkuntza-jabekuntzaren garapena aztertzerakoan.

Parodi-ren eritziz haur bakoitzak bere jokabidea markatzen du, eta horri eusten dio ikasten ari den hizkuntza guztietan.

Bere ikerketaren arabera nabarmena da haurren arteko jokabideak ezberdinak izan daitezkeela.

Ikerketa honetan, badirudi haur guztiek aditza esaldi deklaratzaileen amaieretan jartzeko joera dutela, Mikelen eta Peruren ekoizpenetan egiten ditudan oharrak kontutan izanik, noski.